XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

35.000 lagun inguru izan dira Durangon

Euskal disko eta liburuen azoka euskaltzaleen topaleku nagusi izan da aurten ere.

Gerediagako buru den Aldekoa-Otalorak balorazio ona egin digu aurtengo azokaren inguruan.

Batez beste 35 bat mila lagun hurbildu da Durangora.

Eta hori igerri da salmentetan.

Eguerdietan azoka zabalik izate horrekin ez da betekadarik izan eta lasaiago ibili dira bertan izan direnak.

Salmentak salmenta eta erosketak erosketa, Durango oraindik azoka bat baino gehiago da.

Bertara hurbildu diren 35 mila lagunek horixe da Gerediaga elkarte antolatzaileak eman duen kopurua giro aparta jarri dute eta azokan ezezik, honen inguruan antolatu diren ekimen guztiek erantzun ona jaso dute.

Gerediagako lehendakari den Anton Mari Aldekoa-Otalorak ere horrela nabarmendu digu.

Joan den ostiralean, hilaren 9a, azokaren barruan antolatu zen Euskal Herriko II. Poesiaren Eguna gogoan hartzeko eguna izan zen.

Uste dut oso balorazio ona egin behar dela.

Durangon bertan jendea pozik geratu da, harriturik baina baikor.

Taberna batean, Goienkalean, gaueko hamar t'erdietan, gau giroan, poesia emanaldiak antolatzea eta bertan, esaterako, Alfontso Irigoien errezitatzen ikustea beste poeta batzuekin batera, benetan ederra izan da.

Gustu ona utzi du, kafe on bat hartzen duzunean bezala.

Uste dut esperientzia horrekin jarraitu beharko litzatekeela.

Idazleen Elkartearen laguntzarekin antolatu dugu eta uste dugu asmatu dugula.

Aurtengo programan ez zegoen gauza arranditsurik baina programa xume eta apal horretan asmatu dugulakoan gaude.

MILABIDAI ETA LIN TON TAUN

Gerediagakoak lan neketsu baten ondorenean daude baina animoso, hala ere, egin ditugun akatsak-eta zuzentzeko asmoz aitortu ditu Aldekoa-Otalorak.

Azokak, euskal kulturaren topaketa izateaz gain, badu bere merkataritza aldea eta ezin aipau gabe utzi.

Liburu eta disko salmentaren zifren dantzan ezin sartuko gara, baina salduenak edo bederen nabarmendu direnak aipa daitezke.

Zestoako Lin Ton Taun eta Hondarribiko Sorotan Bele taldeak fuerte ibili dira aurten.

Biak erro beretik datozen taldeak dira, musika tradizionaletik hein batean.

Jakina, emaitza desberdina da, zestoarrak rockeroagoak baitira eta hondarribiarrek folk aldera jotzen baitute.

Musikan ere, Andoni Egañak osatu duen bertso musikatuen diskoa nabarmendu da.

Bertsozaleak izan du beste eskaintzarik: Unai Iturriagak eta Igor Elorzak Josu Zabalarekin batera osatu duten Zazpi Eskale taldearena, eta jakin izan du estimatzen.

Liburuetan, berriz, Erein etxeak sortu duen Milabidai poltsiko saileko liburuak ondo saldu dira, besteak beste salneurri merkea izaki erraz eskuratzeko modukoak direlako.

Anjel Lertxundiren azkena, Iñigo Aranbarriren Emon biar yako edota EGUNKARIAk kaleratu duen 9408 Narrazioak liburuak ere ondo saldu dira, baita Edorta Jimenezen Manhattan ipuin liburua ere.

Gero badira ezagun edota klasiko direnak, Atxaga bera, Benito Lertxundi, Mikel Laboa... eta horien lanak ez daude inoiz bazterrean.

Poesia Eguna arrakastatsua izan zen.